XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bigarrenez fusilatuak izan barik gelditu ziren pago tirokatuak.

Astia izan zuen, gorritzen hasitako hosto arteko eguzki printzei begira, bala arrasto haiek nork eginak zitezkeen, eta zergatik, pentsatzeko.

Arrasto haiek balarenak izan behar baitzuten, inondik ere.

Hori emakumeren baten lana duk!

Emakumeak ziren, batez ere, bainuetxean astotxoak alogeran hartzen zizkietenak inguruetako baserritarrei, mendialdiak egiteko ermitetara eta iturburuetara.

Haietarikoren batek aterako zuen pistola, senarra akabatu baino lehen praktika apur bat hartzeko.

Tiro haiek inork entzun ote zituen beldurrak, beste norabait aginduko zion gaurkoan astodunari.

Erraz lotzen zuen haria.

Gaueko dantzak izango dik errua!

Sendotu egin zitzaion emazte jeloskorraren hipotesia.

Aldaerak pentsatu zituen, senarra hil baino amorantea hiltzea guragoko zuen beharbada, edo biak garbituta bere buruaz beste egingo zuen gero...

Andrazko batek zelan eduki dezakeen pistola bat, otu zitzaion.

Urak hartzera etorritako Madrilgo militar haietarikoren baten emaztea ikusi zuen ohe-mahaiko kaxoitik senarraren arma hartzen.

Eta beharbada izarrak Kuban irabazitakoa zatekeen, La Cabañako zuzendari gisa, ausaz...

Ezkila urrun bat entzun zuen.

Ikusia zegoen alferrik etorria zela, balnearioko bezeroak ez ziren bazkalostean mendiratzen.

Malkarrean gora pentsatu zuen tiroketak egitera zetorrena bakarrik abiatuko zela, ez zuela astodunik gura izango aldamenean.